2018/02/02
Haziak eta Abaraxka ludotekak, Oiartzungo udalaren babesarekin, antolatuta herriarentzat oso berezia izango den abesti bat sortzeko elkartu ginen urtarrilak 31ean
Bertan, adin ezberdineko jendea elkartu ginen, Torri Gukin egitasmoko jubilatuak, ludotekako erletxoak, familiak, bertako hezitzaileak, abestian parte hartzeko espreski bertaratu ziren herritarrak…
Dinamizatzaile lanetan Abaraxkako eta Haziak egitasmoko Nekane Martiarena eta Nora Barrosoz gain Jon Martin bertsolaria izan genuen. Jolas moduan eta oso modu parte hartzailean abiatu zen abestiaren sorkuntzaren lehen prozesua. Hitzekin jolasean izan ginen, hitzak bata bestearekin josten eta hitzak harremantzen eta esaldiak elkar lotzen lortu genuen abestiaren lehen zirriborroa.
Herria, irria, jolasak, lagunartea, ametsak, eskua, sortu, ahoa… bezalako hitzak adin ezberdineko herritarren artean duten esanahia eta lotura ikustea oso aberatsa izan zen bertan izan ginen guztiontzat.
Jon Martinek abilezia osoz lotu zituen bertan esan ziren hitzak eta esaldiak, modu honetara parte hartzaile guztiak abestiaren zati ginela sentiaraziz. Abestiaren lehen sorkuntza honi forma eta errima ematea du orain helburu bertsolari eta abeslariak.
Ondoren Ibargain Musika eskola eta Soinuenea herri musikaren txokokoen lana etorriko da, hau da prozesuaren bigarren zatia. Beraien esku geratuko da sortutako letra honi musika jartzea. Hemen ere bakoitzak bere ekarpenak egingo ditu eta bere eskolaren ukitua emango dio abestiari. Modu honetara Oiartzungo herrian eta bertako herritar eta eragile ezberdinen artean sortutako abesti bat izango dugu entzungai.
Prozesuak eta sorkuntzak bere denbora eskatzen du, eta horretan hasiak gara dagoeneko. Berandu baino lehen estudioan sartu eta grabatzea espero dugu.
Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.
2016 · Haziak
Creative Commons BY-NC-SA 3.0
Webgune honetan dagoen edukia kopiatu, banatu, lan eratorriak sortu eta jendaurrean zabal ditzakezu, beti ere egiletza aitortuz eta baldintza beretan egiten baduzu.